argia.eus
INPRIMATU
Hamar egunetan ospitaleratzeek eta ZIUetako okupazioek gora egingo dutela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak
  • Hamar-hamabost egunetan ospitaleratzeen kopuruak gora egingo duela uste du Eusko Jaurlaritzak. Ospitaleratuko diren pertsonen %10ak edo %15ak ZIUetan egon beharra izango du, eta dagoeneko Osakidetzako ZIUen %32 beteta daude. Nafarroak PCR emaitza hobeak izan ditu azken egunetan, baina Maria Chivite Nafarroako lehendakariak dio oraindik goiz dela deseskaladan pentsatzen hasteko. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 11

Espainiako Osasun Ministerioak eman dituen datuen arabera, Osakidetzako Zainketa Intentsiboetako Unitateen %32 beteta daude eta Osasunbideko %43. Azaroaren 10ean,108 ospitaleratze izan ziren EAEn eta Nafarroan. 

EAEko ospitaleetako zainketa intentsiboetako eta bizkortze lanetako unitateetan dauden 425 oheetatik 211 COVID-19ak kutsatutako gaixoek betetzen dituzte. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du osasun sistemak COVID-19aren pandemiari aurre egiteko beharrezko materiala eta gaitasuna duela, bai ospitaleetako lehen arretan, baita Zainketa Intentsiboen Unitatean ere.

Nafarroan, kutsatu kopuruak berriro ere behera egin zuen igandean, 182ra iritsiz. Positibotasun-tasa %8,2raino jaitsi zen. Chiviteren gobernuak dio oraindik goiz dela deseskaladan pentsatzen hasteko, bigarren olatuan gaudela, eta neurriak emaitza positiboak ematen ari direla ikusi arren, eutsi egingo dietela. 

ZIUen okupazioa

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango diren ospitaleratzeek datozen asteetan gora egingo dutenez, Osakidetza oheen erabilgarritasuna bermatzeko ebakuntza batzuk atzeratzen ari dela eta ohe gehiagoren beharra balego jartzeko aukera ere mahai gainean dutela. Sistemak COVID-19 gaixoen arreta  ahalbidetzeko gai dela dio bozeramaileak, baina bestelako larrialdiei (istripuak, iktusak, bihotzekoak...) erantzuteko ere ZIUak behar direla. Horregatik, mugikortasuna eta bizitza soziala mugatzearen beharra azpimarratu du, "edozein unetan edozein ezusteko gerta litekeelako". 

Azken baheketak

Azken astean egin diren baheketei dagokienez, Ignacio Garitano Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak azaldu du Hernanin 2.989 proba egin direla eta 51 kasu atzeman dituztela, Santurtzin 2.984 proba egin dira eta 43 pertsona dira positibo eman dutenak, eta Basaurin 1.427 proba egin dira eta 22 kasu berri detektatu.