Arnaldo Askatu. Politika askatu herri plataformak deituta, milaka lagun bildu ziren atzo Elgoibarren burutu zen manifestazioan, Bateragune auzian zigortutako bost lagunak aske utz ditzaten eskatzeko. Bertaratutako gehientsuenak inguruetako herritarrak ziren arren, alderdietako ordezkari ugari bildu zen manifestaziora. Besteak beste, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Pernando Barrena, Ainhoa Beola, Rafa Larreina eta Ander Rodriguez.
Ideologia ezkberdineko hainbat emakumek ere, bat eginda, epaia zentzugabea dela salatu zuten. PSE-EEko Rafaela Romero, PSNko Ainhoa Aznarez, ezker abertzaleko Jone Goirizelaia, Aralarreko Rebeka Ubeda, EAko Esther Larrañaga eta EBko Kontxi Bilbao agertu ziren, besteak beste, eskubide zibil eta politikoen defentsa honetan. Arantza Urkaregi eta Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxena ere han ziren.
Aurrerantzean nolako ekintzak egingo dituzten zehaztu ez bazuten ere, lanean jarraituko dutela eman zuten ulertzera: “Prest gaude, gertatzen dena gertatzen dela, bakea, elkarbizitza eta gure eskubideen ezagutzaren eta horiek indarrean jartzearen alde lan egiteko; hori egingo dugu konplexurik gabe, aurreiritzirik gabe, bazterketarik gabe”.
Bateragune auziko epaia dela eta, “zigortutako pertsonek ideiak izateko eta horiek demokratikoki defenditzeko eskubidea dute, eta horregatik ez dute zertan zigor bidezko prozesua izan, eta are gutxiago, sententzia bidegabea jaso”. Espainiako Estatuko zuzenbide penalaren erabilera salatu zuten.