Gosetea borrokatzeko behar dituen 1400 milioi dolarretatik 380 jaso ditu Afrikar Batasunak




2011ko abuztuaren 27an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Haur somaliarrak.

Afrikar Batasunak deitutako laguntza-emaileen konferentziak 380 milioi dolar (264 milioi euro) bildu ditu, baina Nazio Batuen Erakundearen arabera, 1400 milioi dolar (974 milioi euro) behar dira Afrikako Adarreko herrialdeak larrialdi egoeratik ateratzeko. 13 milioi pertsona baino gehiago daude goseak aipatu zonaldean, 60 urtean egon den lehorterik gogorrena jasaten ari direnean. Afrikar Batasuneko batzordeko presidente Jean Ping-ek adierazi duenez, "351,7 milioi dolar dirutan emango dira, eta 28,8 milioi elikagaietan".

Hasieran batzarra lehenago egitekoak baziren ere, atzeratu egin zuten abuztuaren 9tik 25ra, baliabide eta agintari gehiago biltzeko xedez. Hala ere, uste baino agintari eta baliabide gutxiago biltzea lortu dute, Etiopia, Ekuatore Ginea, Somalia eta Djibutiko agintariak soilik egon baitira bileran.

Afrikar Batasunaren inguruko iturriek jakinarazi dutenez, Afrikako Garapen Bankuak datozen bost urteetarako 300 milioi euro agindu ditu. Argelia eta Hegoafrikak 10 milioina emango dituzte diru eta espezietan, Egiptok 6 milioi, Nigeriak 2 milioi eta Hego Sudango Errepublika jaio berriak milioi bat emango du.

Hainbat adituk zalantzan jarri dute Afrikar Batasunaren eraginkortasuna, eta adierazi dute ez zutela askoz gehiago espero, batez ere per capita errentarik handiena duen Afrikako herrialdea falta delako, Libia, alegia.

Beste aditu batzuek, gaur egungo gertaerez haratago, 1970eko hamarkadari egiten diote so, Somalia elikadurari zegokionez buruaskia zen garaiari, hain zuzen. Garai hartako egoeratik gaur egungo egoerara iristeko azken 40 urteetan zer gertatu den aztertuz.

Gosetearen eragile nagusia al da lehortea?

Esther Vivas kazetariak uztailaren 30ean El País-en idatzitako analisian, 70eko hamarkadako egoeratik gaur egungora iristearen arrazoiak jarri ditu mahai gainean. Pasarte batzuk euskaratu ditugu:

"Gaur egun 12.000 milioi pertsona elikatzeko adina produzitzen da, munduan 7.000 milioi pertsona daudenean (...) Gosearen kausa politikoa da. Nork kontrolatzen ditu errekurtso naturalak? Nori egiten diote mesede nekazal- eta elikadura-politikek? Elikagaiak merkantzia bilakatu dira, eta beren funtzio nagusia [elikatzea], bigarren mailan geratu da".

"Gosetearen eragile nagusia lehortea dela esaten da, baina nola azaldu orduan Amerikako Estatu Batuek eta Australiak jasaten dituzten lehorteekin goseterik ez egotea lurralde horietan? Baliabide naturalen kontrolean dago gakoa".

"Somalia lurralde buruaskia izan zen 70eko hamarkadara arte elikadurari dagokionez. (...) 80ko hamarkadatik aurrera, Nazioarteko Moneta Fondoak eta Munduko Bankuak kanpo zorra ordiantzeko ezarritako politikek kontuak egitera behartu zituen. Nekazaritzari dagokionez, merkatua liberalizatu zen, atzerriko multinazionalei ateak irekiz. Hauek produktu subentzionatuak saltzen zituzten, bertako produkzioari konpetentzia ez-leiala eginez. Monokultiboen politikak bultzatu ziren, eta lurrak alde batera uztea ekarri zuen horrek".

"Oinarrizko zerealen prezioa igotzea da Afrikako Adarreko gosetearen eragileetako bat. (...) Elikagaien prezioa Burtsan erabakitzen da. Nekazaritza sektoreko inbertsioaren %75ak izaera espekulatiboa duela kalkulatzen da"

"Elikagaien produkzioa hirukoiztu egin da 60eko hamarkadatik, eta munduko biztanleria bikoiztu. Arazoa ez da janariaren produkzioa, irisgarritasuna baizik".

- Beste artikulu interesgarri bat Tercer Mundo Económico webgunean (1996ko testua da baina gaur egun ere aplikagarria).

Somaliako piratak, osatu gabeko istorioa [bideoa]

Zeintzuk dira piratak? Komunikabideek pirata moduan aurkezten dizkigutenak ala beste herrialde batzuetan hango aberastasuna gupida barik ustiatzen dutenak, behin eta berriro? Arrantzatik bizitzeko zer aukera geratzen zaie somaliarrei? Militarizazioa al da aterabidea? Telebistan eskeintzen diguten azaleko informazio mugatutik aparte, zer dakigu Afrikako zonalde horri buruz? Galdera horiei erantzuten die ARGIAk egindako bideo honek:


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude